Juan Jose Telleria Aiesta
- Artikulu hau musikagile astigarretarrari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Telleria».
| Juan Jose Telleria Aiesta | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotza | Beasain, 1857ko uztailaren 14a |
| Herrialdea | |
| Heriotza | Beasain, 1895eko urtarrilaren 16a (37 urte) |
| Hezkuntza | |
| Hizkuntzak | gaztelania |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | konpositorea |
Juan Jose Telleria Aiesta (Astigarreta, Beasain, 1857ko uztailaren 14a - 1895eko urtarrilaren 16a) musikagile beasaindarra izan zen. Gaztetan Madrilen aritu zen ikasten, eta Felipe Gorriti maisuarekin osatu zituen ikasketak.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gurasoak Ignazio Maria eta Maria Joana izan zituen. Aita Astigarretako ehulea zen. Beasaindik Olaztirako trenbidea eraikitzeko lanak hasi zirenean, familia Gabiriako baserri batera lekualdatu zen, obrak egiten ari ziren ingurura. Bertan, amak ostatua ireki zuen, eta aitak trenbidea eraikitzen ari zen konpainiarekin hondeaketa eta obra-lanetarako kontratak hartu zituen, inguruko baserrietako gazteekin osatutako lantaldea osatuz.[1]
Trenbideko lanak amaitu ondoren, familia Beasaina itzuli zen, eta herrigunean Aranberriazpikoa etxea erosi zuten; etxea gerora Telleriatarren etxea izenez ezagutu zen. Lortutako baliabide ekonomikoei esker, seme-alaben ikasketak ordaindu ahal izan zituzten.[1]
Anai-arreben artean, Frantzisko, Gregorio eta Joan Jose nabarmendu ziren. Merkataritza eta administrazio-ikasketak egin zituzten, eta udal administrazioan idazkari eta kontu-hartzaile lanetan jardun zuten. Horrez gain, musika-ikasketak ere jaso zituzten, eta abesbatza eta musika banden zuzendaritza nahiz organo jotzaile lanak bete zituzten.[1]
1882ko otsailaren 21ean Mikaela Bengoetxea Mujikarekin ezkondu zen Beasaingo Andre Mariaren Jasokundearen elizan. [2]
1895eko urtarrilaren 16an hil zen, 37 urte zituela, biriketako gaitz baten ondorioz. Alarguna eta hiru seme-alaba utzi zituen.
Ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaztetan Madrilen egin zituen ikasketak, eta musika-prestakuntza Felipe Gorritiren gidaritzapean osatu zuen. Julian Gaiarre eta Hilarion Eslava bezalako pertsona ospetsuak ezagutu zituen eta Beasainera itzuli zen, non organista gisa finkatu zen. [3][4]
Musikagilea ere izan zen, eta haren zenbait konposizio gorde dira.Bere lanen artean daude San Rokera eta Sortzez Garbiaren Bederatziurrena (abesbatza eta organorako), organorako bi martxa, Bederatziurrena Jesusen Bihotz Sakratura (organorako) eta San Joan Martxa (pianorako). [3][4]
Beasaingo musika erakundeetan zuzendaritza lanak betetzen zituen eta diruzain kargua izan zuen. Hil zenean, Beasaingo musika erakundeetan eta Udalan betetzen zituen kargua hutsik geratu ziren.[1]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 3 4 Zufiaurre, Jose. (2006). in: Beasaingo Paperak. Beasain ISBN 849329408X..
- ↑ «Ezkontza Juan Jose, Telleria, Ayesta» artxiboa.mendezmende.org (kontsulta data: 2026-07-14).
- 1 2 (Gaztelaniaz) Diccionario de la música española e hispanoamericana VOL 10. SGAE, 252 or..
- 1 2 aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (kontsulta data: 2026-07-14).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) Aipamena Euskomedia Fundazioaren webgunean.