Xebas Gelbentzu Olaiz
| Xebas Gelbentzu Olaiz | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotza | Oiartzun, 1943ko urtarrilaren 24a (83 urte) |
| Herrialdea | |
| Bizilekua | Errenteria Iztieta |
| Hezkuntza | |
| Hizkuntzak | euskara gaztelania |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | aktibista |
Xebas Gelbentzu Olaiz (Oiartzun, 1943ko urtarrilaren 24a) Herri ekintzailea eta Orereta-Errenteriako Iztieta auzoko gizarte-bizitzaren erreferentea.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oiartzungo Gurutze auzoko Txipiberri baserrian jaio zen gerra ondorenean. Gurasoak eta etxean bizi zuten amonarekin batera 8 anai-arrebek osatzen zuten Txipiberri ko familia. Baserria Donostiako jauntxo batzuen jabetzakoa izanik Gelbentzutarrak maizter bizi ziren bertan.
Familiaren oinarri ekonomikoa baserriko mozkinek osatzen zuten, baina euren biziraupenerako, Oiartzungo beste etxe askotan bezala, ezinbestekoa izan zen aitaren “gaueko lana”. Etxean bizi zuten pobreziarekin alderatuta Xebas haurrari deigarria egiten zitzaion fardeletan iristen ziren puntilla, iratzargailu etab-k ikustea eta beraientzat izango ez zirela jakitea.
1960ko hamarkadan sartzearekin batera zaharragoak ziren anaiak esnea Irunen saltzen hasi zirenean etxeko ekonomia hobetzen hasi zen. Bera ere anaiei esne-salmentan laguntzen hasi zen. Esne-marmitak lanbrettan hartu eta Txipiberritik 5 km eskaxera dagoen Irunera jaisten ziren.

Baserri mundu euskaldunean hazitako neska gaztearentzat kontraste handia izan zen Irungo bat-bateko transformazio demografiko eta urbanistikoa aurrez-aurre ikustea. Ikusi zuen Espainiatik zetozen etorkinak zein baldintza kaskarretan bizi ziren, etxe berean 3-4 familia batera bizitzen. Ikusi zuen langile jende horrentzat auzo berriak nola eraiki ziren. Ezagutu zuen zer zen esne-banaketan kalean bakarrik ibili beharra eta neska gazte bezala zer den eraso sexualaren arriskua, baina, aldi berean, ikasi zuen bere burua babesten eta defendatzen.
1965. urtean Oiartzungo Sorozarreta baserriko Joxemari Otegirekin ezkondu zen. Senarra Oreretan lanean aritzen zen eta haren ustetan lantokitik gertu bizitzea komeni zenez Oreretako Iztieta auzoan jarri ziren bizitzen. Joxemarirekin bi seme izan ditu Jon (1966) eta Iñaki (1970).
Ezkondu ondoren etxeko eta semeen zaintzaz arduratu da, lana ugari eginaren truke sekula soldatarik jaso ez badu ere.[1]
Ikasketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oinarrizko ikasketak Oiartzungo Gurutze auzoko eskolan egin zituen.
Ezkondu ondoren eta semeak koskortu ahala ikasteko grina piztu, eta 1979 urtean Deustuko Unibertsitatearen Donostiako EUTGko filologia ikastegian 3 hilabeteko ikastaroa jaso zuen Euskaltzaindiaren D titulua lortzeko helburuarekin. Ez zuen lortu, oso ahula baitzen Gurutzeko eskolan jasotako oinarrizko heziketa, gerora ere heziketa formalaren falta hori oztopo izango zitzaion.
AEK-n alfabetatze ikastaroak jaso izan ditu eta baita EGA azterketara aurkeztu ere, baina ez du inoiz gainditu.
Herrigintzan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iztietara iritsiera eta auzo berriaren sorrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Xebas 1965ean Oreretako Iztietara iritsi zenean, ezerezetik eraikitzen ari zen auzo berria aurkitu zuen. Orereta eraldaketa handia jasaten ari zen, Irunen gertatu bezala, Espainiatik zetorren langile etorkin uholdearentzat auzo berriak eraikitzen ari zirelako. Iztieta ibaiari irabazitako paduretan hasi ziren altxatzen 1964an, eta urte gutxitan 5.000 bizilagun izatera iritsi zen.
Auzoarekin batera San Jose Langilea eliza eraiki zen,[2] gaur egun Gipuzkoako arkitektura brutalistaren adibide nabarmena dena. Elizaren eraikuntza ordaintzeko diru-bilketa antolatzen ari zirenekin izan zuen Xebasek lehen harremana, eta horrela sartu zen parrokiaren inguruko mugimenduan.
Auzoaren gizarte‑eraldaketa eta hizkuntza‑gatazka
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oiartzun bezalako herri euskaldun batetik etorrita, Xebasek gizarte oso desberdina aurkitu zuen: langileak, Espainiatik etorritako gaztelarrak, extremeñoak, galiziarrak, eta inguruko herrietako gipuzkoar eta nafar euskaldunak.[3] Hamarkada batean bikoiztu egin zen herritarren kopurua.[4]
Frankismo garaia zen, eta etorri berrien gehiengoa erdalduna izanik, euskara auzoko eguneroko bizitzatik baztertuta geratu zen. Gutxiengo euskaldunen artean euskararen egoeraren kontzientzia piztu zen, eta horrekin batera hizkuntza‑gatazka. Eliza zen auzoa artikulatzen zuen egitura bakarra, eta bertan sortu ziren lehen gatazkak: meza euskaraz ematearen aldeko mugimendua, Xebas eta beste euskaldun talde baten eskutik.
Katekesia eta euskararen transmisioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Haurrentzako katekesiak ere norbaitek euskaraz eman behar zituenez, Xebas horretan aritu zen hasieratik. Garai hartan erlijioak gizartean zuen pisua handia zen, eta auzoko haur euskaldun gehienak bere katekesi saioetatik pasa ziren. Horrek haur eta guraso euskaldunekin harreman zuzena izatera eraman zuen.
Harreman sare hori baliatuta, Xebasek euskara eta euskal kultura txertatu zituen parrokiak antolatutako ekintzetan: Errege Kabalgata, mozorroen desfileak, Olentzero eta Santa Ageda jaiak.
1980ko hamarkadako krisia eta “Gurekin” Auzo Elkartearen sorrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1980ko hamarkada gogorra izan zen: heroinaren izurriteak gazte asko eraman zituen Iztietan.[5] Auzoa degradatuta zegoen, sozialki hautsita, urbanistikoki itota, kirol eta kultura azpiegiturarik gabe.
Auzoaren egoera aldatzeko asmoz, zenbait herritar elkartu eta “Gurekin” Auzo Elkartea sortu zuten 1989an.[6] Xebas urte luzez izan zen elkarteko lehendakaria.

Auzo Elkartearen lan‑ildo nagusiak:
- Drogamenpekotasunaren izurritearen aurkako borroka. Oreretako beste Auzo Elkarte eta Askagintzarekin koordinatuta.
- Urbanismoa: Auzoan 5.000 biztanle bizi ziren berdegunerik gabe, kirol instalaziorik gabe, ibaia eta errepidearen artean harrapatuta. Auzo bizigarriago baten aldeko aldarrikapena egiten zuen auzo elkarteak.
- Kultura: Azpiegitura kulturalik ez zegoenez elkarteak lokal bat lortu eta ekintza kulturaletara bideratu zuen.
Auzoko jaiak ere antolatzen hasi ziren maiatzaren lehenaren inguruan, eta San Tomas azoka antolatzea[7] Xebasen bultzadari esker lortu zen.
Talogile taldearen sorrera eta Talo Eguna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]San Tomas azokaren inguruan eta auzo ekimenak diruz laguntzeko, Xebasek auzoko emakume talogile talde bat osatu zuen. 1990etik aurrera Iztietako eta Oreretako jai askotan aritu ziren taloak egiten, eta etekinak herriko ekimenekin partekatzen.
Taloen arrakasta ikusita, Landare Elkartearen laguntzarekin, 1996ko otsailean I. Talo Eguna antolatu zuten Zumardian. Euskal Herri osoko talogile taldeak gonbidatu zituzten. Harreman sare horren ondorioz, 1998an "Arto‑Zelai Talo Kofradia" sortu zen. Xebas zuzendaritzako batzordekide izan zen.[8]
Diputazio Plazako hormaren gatazka (1992–1995)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1992an Udalak Diputazio Plazan autobus‑geltokirako horma handi bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zuen. Plazako bizilagunek eta Gurekin Auzo Elkarteak proiektua gelditzeko mobilizazioak antolatu zituzten, baina udalak obrekin jarraitu zuen.
1992ko abenduaren 14an, astelehen goizez, bizilagunek —Xebas tartean— hormari heldu eta langileak erretiratzea lortu zuten. Ondoren, ehunka bizilagunen manifestazioa abiatu zen. Udalak ez zituen obrak berriro hasi, eta horma hiru urtez bukatu gabe egon zen.
1995eko hauteskundeen ondoren, hirigintzaren ardura Juan Ignacio Gurrutxagaren eskuetara pasa zen, eta 1995eko abenduaren 8an Auzo Elkarteak jakinarazi zuen Udalarekin horma eraisteko akordioa lortu zutela. Horrela amaitu zen hiru urteko gatazka.
Emakumeentzako ekintzak eta Xebasen yoga irakaskuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Auzo elkartea sortu zenetik, beste lan‑ildo nagusi bat emakumeentzako ekintzak antolatzea izan da. Garai hartan emakumeen aisialdian hutsune handia zegoen, eta antolatutako ikastaroek harrera bikaina izan zuten: gimnasia, pintura, dantza, yoga, tai ji…
Xebas urteetan zehar, musu‑truk, auzoko emakumeentzako yoga irakasle aritu da.

Azken urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jasaten duen alzheimer gaitzaren ondorioz egoiliar da Errenteriako Jesusen Bihotza zaharren egoitzan 2022ko martxoaren 29tik.
VI. Mariasun Landa Saria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Xebasen semea den Iñaki Otegi Gelbentzuk idatzitako Xebas Gelbentzu, auzo baten nortasuna eraikitzen lanak 2016ko VI. Mariasun Landa sariko “Emakumezkoei begiradarik onenaren saria” jaso zuen.[9]
Erreferentziazko bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Iñaki Otegi Gelbentzu (2016) Xebas Gelbentzu. Auzo baten nortasuna eraikitzen "Errenteriako Emakumeen Aztarnak: Narrazioak" bilduma. (120-125).[1]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 Otegi Gelbentzu, Iñaki. (2016). «Xebas Gelbentzu. Auzo baten nortasuna eraikitzen» Errenteriako emakumeen aztarnak (Errenteria: Errenteriako udala): 120-125. ISBN 978-84-09-06-312-3..
- ↑ (Gaztelaniaz) Arrieta, Anselmo. (1971). La parroquia de San José Obrero. .
- ↑ «Etxekotuak» Oarsoaldeko Hitza 2019-01-19 (kontsulta data: 2026-07-07).
- ↑ «INEbase. Alteraciones de los municipios» www.ine.es (kontsulta data: 2026-07-07).
- ↑ (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2014-12-09). «Heroína y FSE, caso pendiente 30 años después» naiz: (kontsulta data: 2026-07-07).
- ↑ (Gaztelaniaz) r01epd0122e4ed314423e0db04c97a47b5baa317f, r01e00000fe4e66771ba470b8b16eead1a456352e. (2011-10-22). «Asociación de Vecinos del barrio de Iztieta-Ondartxo de Errenteria GUREKIN.» www.euskadi.eus (kontsulta data: 2026-07-07).
- ↑ «San Tomaseko feria larunbatean izango da Iztietan» Oarsoaldeko Hitza 2013-12-12 (kontsulta data: 2026-07-07).
- ↑ Insausti Urigoitia, José Luis. (1999). «Arto-Zelai, Oreretako talo kofradia» Oarso 1999.
- ↑ Asier, Perez-Karkamo(e)ko. (2016-03-05). «Iñaki Otegik eta Miren Azkaratek irabazi dituzte VI. Mariasun Landa Sariak» Oarsoaldeko Hitza (kontsulta data: 2026-07-07).