Iglu

Iglua (inuiteraz: igdlu, silabario inuktitutean: ᐃᒡᓗ; pluralez: igluit, ᐃᒡᓗᐃᑦ [iɣluˈit]) elurrezko blokez egindako aterpea da. Gehienetan, kupula-forma hartzen du. Kanadan, hango inuiten neguko edo ehiza-garaiko etxea izaten da.
Igluak elur-mokorrez egiten dira, eta esfera-erdiaren itxura izaten dute. Mackenzie ibaiaren deltaren eta Labrador penintsularen arteko lurraldeko inuitek egiten dituzte. Udan, foka-larruzko eta oihalezko etxeetan bizi dira.
Eraikin horiek ez dute inolako euskarri-egiturarik, bloke bakoitza (elur zapalduaz egina) azpian duenaren gainean finkatzen baita. Elurraren isolamendu termikoari esker, barnean baleko tenperaturak lor daitezke. Hain zuzen ere, bertan harrapatutako aire-poltsek isolatzaile bihurtzen dute: horri iglu efektua esaten zaio horri, kanpoaldean tenperaturak -45 °C-koak izan arren, barrualdeko tenperatura, gorputzaren beroak bakarrik berotzen duenean, -7 eta 16 °C artekoa izan daitekeelako.
Askotan inuit guztiekin lotzen diren arren, tradizioz Kanadako Artiko Erdialdeko eta Groenlandiako Qaanaaq eremuko jendeak bakarrik erabiltzen zituen. Beste inuit batzuk elurraz baliatzen ziren etxeak isolatzeko, balea-hezurrez eta larruz eraikiak baitziren.
Elur trinkoa mokorretan mozten da elurretako labanaz: mokor bakoitza 60 cm luze eta 20 cm zabal izan ohi da gutxi gorabehera. Lehen errenkadan, biribilean jartzen dira elur-puskak. Puska horien gaineko zatiak biribila itxiz doaz; gero eta biribil itxiagoak egiten dira, goian zulotxo bat geratzen den arte. Sarrera estua eta sabai biribilekoa egiten zaio eraikinari: era horretara, eta zola sarrera baino gorago jarriz, aire berotua barruan pilatzen da, kanpora atera gabe.

Gehienetan, familia bakarrarentzakoak izaten dira. Eraikitzaile trebeek bi orduan eraiki dezakete iglu bat.

Izena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iglu hitza inuiten hizkuntzako igdlu (pluralez, igluit) izenetik dator eta "etxe", "etxebizitza" esan nahi du.[1] Elurrez eginiko etxeei (inuktitut silabarioan: ᐃᒡᓗᕕᔭᖅ, igluvijaq; pluralean igluvijait) zein beste materialez eginiko etxebizitzei (kanpindendak, zohi-etxeak, zurezko etxeak zein eraikin modernoak) erreferentzia egiteko erabiltzen da.[2][3] Iglulik ("herri") eta iglurirmuit (inuit-talde baten izena) hitzen erro berbera du.
Motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hiru iglu mota tradizional daude, tamaina zein funtzio ezberdinak betetzen dituztenak: txikiak,[4] tartekoak eta handiak.
Eraikitzeko modua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Igluak ez dira esferikoak, bihurgune katenario bat baitute. Forma horri esker, elurrak zahartzean eragiten duen estresak eta presio konpresiboak egitura desegitea saihesten dute, denborak aurrera egin ahala txikituz doazen arren.[5]
Hartarako erabiltzen den elurrak egitura sendokoa izan behar du, moztu eta pilatu ahal izateko: egokiena haizeak garraiatua da, mugimendu horrek trinkotu eta haren barne-egitura izotz-kristalak eratzen baititu. Lurrean geldirik egondako elurra, ordea, ez da erabilgarria.[6][7]
Elur hori lau aldeko adreiluetan mozten da zerraren edo aiztoaren antzeko labanekin. Kasu batzuetan, bospasei aldeko formak ere mozten dira eraikinaren barne-lotura handitzeko, inken inperioan erabili zenaren antzera.[8] Elur moztuaren azpian uzten diren zulo hutsak eraikinaren edo babesgunearen behealdetzat erabiltzen dira.[6]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ «livingdictionary.com - livingdictionary; Resources and Information.» web.archive.org 2019-08-27 (kontsulta data: 2022-11-02).
- ↑ «Wayback Machine» web.archive.org 2012-04-01 (kontsulta data: 2022-11-02).
- ↑ «Wayback Machine» web.archive.org 2009-03-26 (kontsulta data: 2022-11-02).
- ↑ (Ingelesez) Smith, Craig S.. (2017-06-21). «A Lost Art in the Arctic: Igloo Making» The New York Times ISSN 0362-4331. (kontsulta data: 2022-11-02).
- ↑ Handy, Richard L.. (1973-01-01). «The Igloo and the Natural Bridge as Ultimate Structures» ARCTIC 26 (4): 276–281. doi:. ISSN 1923-1245. (kontsulta data: 2022-11-09).
- 1 2 Amundsen, Roald. (1908). The North West Passage, being the record of a voyage of exploration of the ship "Gyöa" 1903-1907. London, Constable (kontsulta data: 2022-11-09).
- ↑ (Ingelesez) What house-builders can learn from igloos. 2008-04-02 (kontsulta data: 2022-11-09).
- ↑ Building An Igloo. (kontsulta data: 2022-11-09).
Ikus, halaber
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Nola eraiki iglu bat pausoz pauso