Muhammadu Buhari
Muhammadu Buhari (Daura, 1942ko abenduaren 17a – Londres, 2025eko uztailaren 13a) nigeriar militar eta politikaria izan zen. Nigeriako presidentea izan zen 2015etik 2023ra.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nigeria iparraldeko Daura hirian jaio zen Muhammadu Buhari, 1942ko abenduaren 17an. Herrialdea Erresuma Batuaren kolonia zen orduan. Aita fulani etniakoa zuen, eta ama, berriz, hausa eta kanuri jatorrikoa. Aitaren 23. seme-alaba izan zen, eta amaren hamahirugarrena.[1] Nigeria iparraldeko estatuetako herritar gehienak bezala, musulmana zen, eta eskola koraniko batean ikasi zuen.
1962an, Kadunako eskola militarrean sartu zen. AEBetako, Indiako eta Erresuma Batuko akademietan ere ikasi zuen.[2] 1966an, Johnson Aguiyi-Ironsi jenerala kargutik kendu eta eta Yakubu Gowon boterera eraman zuen asonada militarrean parte hartu zuen.
1966tik 1970era, Nigeriako Gerra Zibilean parte hartu zuen. 1975ean, Murtala Mohammed jenerala boterera eraman zuen estatu-kolpean esku hartu zutenetako bat izan zen. 1975ean, Nigeriako Ekialdeko Estatuko gobernadore izendatu zuten eta 1976an Bornu estatuko gobernadore.
1983ko abenduaren 31n, beste estatu-kolpe baten buruetako bat izan zen. Shehu Shagari presidentea kargutik kendu eta Bigarren Errepublikari amaiera eman ostean, Buhari estatuburu bihurtu zen. Ustelkeriaren aurka borrokatu zen eta oposizioko kideak espetxeratu zituen, 1985ean Ibrahim Babangidak zuzendutako estatu-kolpe batean kargutik kendu zuten arte.[1] Hiru urte eman zituen espetxean, eta 1988an askatu ondoren, armada utzi eta petrolio negozioetan aritu zen.
2003an, Olusegun Obasanjok garaitu zuen presidentetzarako hauteskundeetan eta 2007an Umaru Yar'Aduaren aurka galdu zuen.[3] 2011n, Goodluck Jonathan nagusitu zitzaion, baina 2015ko hauteskundeetan oposizioko koalizioaren buru aurkeztu eta irabazi zuen;[4] era horretan, herrialdeko estatuburu bihurtu zen bigarren aldiz.
2019an berriz hautatu zuten presidente.[5] Bigarren agintaldiaren zati handi bat gaixorik egon zen. 2023ko hauteskundeetara ez zen aurkeztu. 2025eko uztailaren 13an hil zen, Londresen.[6]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 Rodriguez, Mikel. Oposiziotik boterera. Berria, 2015eko maiatzak 30, berria.eus (kontsulta data: 2026-8-24).
- ↑ Mujika Tolaretxipi, Amagoia. Iruzurraren eta indarkeriaren mehatxupean egingo dituzte bozak gaur Nigerian. Berria, 2007ko apirilak 21, berria.eus (kontsulta data: 2026-8-24).
- ↑ PDP botereko alderdiak irabazi du. Berria, 2007ko apirilak 23, berria.eus (kontsulta data: 2026-8-26).
- ↑ Makazaga, Xabin. Iraultza demokratiko bat eragin du Nigerian Buhariren garaipenak. Berria, 2015eko apirilak 1, berria.eus (kontsulta data: 2026-7-28).
- ↑ Nigerian gutxienez 39 pertsona hil dituzte hauteskunde orokorrez geroztik. Berria, 2019ko otsailak 26, berria.eus (kontsulta data: 2026-7-28).
- ↑ Muhammadu Buhari Nigeriako presidente ohia hil da Londresen, 82 urte zituela. Noticias de Gipuzkoa, 2025eko uztailak 13, noticiasdegipuzkoa.eus (kontsulta data: 2026-7-28).