Euskal Herria Bildu
| Euskal Herria Bildu | |
|---|---|
| Datuak | |
| Izen laburra | EH Bildu |
| Mota | euskal alderdi politikoa, koalizioa eta alderdi handia |
| Herrialdea | Euskal Herria |
| Ideologia | Sozialismo demokratikoa Ekologismoa Euskal abertzaletasuna Independentismoa Ezker abertzalea Feminismoa Ekosozialismoa Errepublikanismoa Sozialdemokrazia Sozialismoa Internazionalismoa Antifaxismoa |
| Kokapen politikoa | Ezker politikoa |
| Jarduera | |
| Afiliazioa(k) | Europako Ezker Unitarioa/Iparraldeko Ezker Berdea talde konfederala |
Zinegotziak Hego Euskal Herrian[oharra 1] 1.402 / 4.533 Eusko Legebiltzarrean 27 / 75 Nafarroako Parlamentuan 9 / 50 Euskadiko Batzar Nagusietan 51 / 153 Espainiako Kongresuan (HEHn hautetsiak) 6 / 23 Espainiako Senatuan (HEHn hautetsiak) 5 / 20 Europako Legebiltzarrean (Espainian hautetsiak) 1 / 61 | |
| Agintea | |
| Lehendakaria | Arnaldo Otegi |
| Egoitza nagusi | |
| Kideak | |
| Historia | |
| Sorrera | 2012 |
| Ordeztu du | Bildu eta Amaiur |
| Koloreak | |
| webgune ofiziala | |
Euskal Herria Bildu (EH Bildu) Euskal Herriko ezker abertzaleko federazio politiko bat da, bere baitan Sortu, Eusko Alkartasuna eta Alternatiba (eta 2017ra arte, orduan desegin zen Aralar alderdia), biltzen dituena. 2012an sortu zen koalizio gisa, Bildu eta Amaiur koalizioen jarraipen moduan. Lehenbiziko aldiz 2012ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztu zen, Laura Mintegi lehendakaritzarako hautagaitzat harturik. Ondoren Europako Parlamenturako hauteskundetan hartu zuen parte, Josu Juaristiekin eta hauteskunde zikloa bukatu zen 2015eko udal eta foru hauteskundetan parte hartu zuenean, aurretik Bilduren baitan zeuden hautetsiak jada euren legegintzaldia bukatuta. 2017ko ekainean egindako lehen kongresuan koalizio izatetik federazio izatera igaro zen, eta ordutik sorrerako alderdi politikoekin zuzeneko loturarik ez duen pertsonen militantzia onartzen du.
Hauteskunde emaitzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]| 2011ko Hego Euskal Herriko udal eta foru hauteskundeak | 315.987 | - | Araba (11), Bizkaia (12), Gipuzkoa (22), Nafarroa (7) |
| 2011ko Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak | 42.839 | % 13,63 | 7 parlamentari |
| 2012ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak | 277.923 | % 25 | 21 legebiltzarkide |
| 2014ko Europako Parlamenturako hauteskundeak[oharra 2] | 326.464 | % 2,08 | 1 legebiltzarkide |
| 2015eko Hego Euskal Herriko udal eta foru hauteskundeak | 290.274 | - | Araba (11), Bizkaia (11), Gipuzkoa (17), Nafarroa (8) |
| 2015eko Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak | 48.166 | % 14,25 | 8 parlamentari |
| 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak | 225.172 | % 21,26 | 18 legebiltzarkide |
| 2019ko Espainiako hauteskunde orokorrak | 259.647 | % 0,99 | 4 parlamentari 2 senatari |
| 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak | 249.580 | % 27,86 | 21 legebiltzarkide |
| 2024ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak | 341.735 | % 32,48 | 27 legebiltzarkide |



Ordezkaritza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herria Bildu ofizialki Eusko Legebiltzarrean bakarrik agertzen bada ere, Bildu eta Aralarreko ordezkariek politika komuna egiten dute.
Eusko Legebiltzarrean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2012ko hauteskundeetan (21 legebiltzarkide) bere zerrendaburuak Laura Mintegi, Belen Arrondo eta Xabier Isasi izan ziren, baina jarduera parlamentarioan koalizioko ordezkari diren Oskar Matute, Pello Urizar, Rebeka Ubera edo Hasier Arraizek ere hainbat ekimen parlamentario eraman dituzte aurrera. Euskal gatazkarekin harremana duten gaietako asko Julen Arzuagak defendatzen ditu.
2016ko hauteskundeetan bere zerrendaburuak Maddalen Iriarte, Miren Larrion eta Jasone Agirre izan ziren. Zerrendetan jende independiente ugari joan zen, eta hala islatzen du 18 legebiltzarkideen taldeak ere: 8 legebiltzarkide independiente daude, Sortuk eta EAk launa ordezkari dituzte, eta Aralar eta Alternatibak bana.
2020ko uztailaren 12an egindako hauteskundeetan 21 parlamentari lortu zituen, Maddalen Iriarteren hautagaitzapean, botoen %27,86 eskuratuta.[1]
Nafarroako Parlamentuan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nafarroako Parlamentuan 2015erarte ez da EHBilduren talderik egon. Lehenago Nafarroa Bairen zati ziren Aralarreko ordezkariek Bildukoekin batera parte hartzen zuten, elkarrekin bigarren talde gisa funtzionatzen zutelarik. Osaketa hau garrantzitsua izan zen Yolanda Barcinaren aurka egindako zentsura mozioan zein PSNk egiteko mehatxua egin zuenean.
Espainiako Kongresua eta Senatua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espainiako Kongresuan eta Senatuan Amaiurrek ordezkariek Euskal Herria Bilduren ordezkaritza egiten dute. Kongresuan 7 parlamentario dituzte, tartean Sabino Cuadra edo Rafa Larreina. Senatuan Amaiurrek dituen 3 senatariez gain (Urko Aiartza, Amalur Mendizabal eta Alberto Unamunzaga) EHBilduren ordezkari gisa dagoen Iñaki Goioaga ere batu behar zaio, hau Gasteizko Legebiltzarreko ordezkari gisa.
Europako Legebiltzarrean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetarako Euskal Herria Bilduk Bloque Nacionalista Galego (BNG), Puyalón, Andecha Astur, Alternativa Nacionalista Canaria (ANC) eta Unidad del Pueblo (UP) alderdiekin batera Herriek Erabaki koalizioa osatu zuen. Herriek Erabaki koalizioak eserleku bat lortu zuen Europako Legebiltzarrean, EH Bilduko hautagaia zen Josu Juaristik hiru urte t´erdiz eserlekua izan zuen eta BNGko Ana Mirandak gainerako urte t´erdian.
Bestalde, 2019ko Europako Parlamenturako hauteskundeetan, Herriek Erabaki koalizioa L'Esquerra pel Dret a Decidir koalizioarekin (ERC alderdi nagusiena dena) bat egin zuten. Orain Errepublikak deitu zioten koalizioak hiru eurodiputatu lortu zituen eta koalizio honen barruan Pernando Barrena europarlamentarioa hautatua izan zen.
Gobernuetan parte hartzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herria Bildu koalizioak euskal erakundeetako zenbait gobernutan parte hartu du.
2011ko hauteskundeen ostean, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehen indarra izan ostean, Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernua alderdi honen esku egon zen, gehiengo absoluturik izan ez bazuen ere. Diputatu nagusi Martin Garitano bilkidea izan zen Gainera, Udal mailan, Donostiako Udaleko alkatetza lortu zuen, Juan Karlos Izagirreren eskutik (ezker abertzaleak edo hark osatutako koalizio batek lortzen zuen euskal hiriburu batetako lehen alkatetza izan zelarik).
2015eko hauteskundeetan behera egin zuen koalizioak eta ondorioz bai Gipuzkoako Foru Aldundiaren kontrola zein Donostiako alkatetza galdu zituen. Hala ere, Nafarroan lortutako emaitza onak zirela eta, Iruñeko alkatetza lortu zuen (Joseba Asiron bilkidea alkate hautatu zutelarik), eta Nafarroako Parlamentuan ezkerreko indarren arteko gehiengo berri bat osatzeko gako bihurtu zen, hala Nafarroako Gobernuan kide txiki gisa sartuz. Ezker abertzaleak lehen aldiz autonomi-gobernu batean sartzea lortu zuen.
2019ko hauteskundeetan emaitza onak izan arren, ezin izan zuen Iruñeko alkatetza berretsi. Nafarroako parlamentuan soilik jarleku bat galdu zuen, hala ere, beste alderdien indar-aldaketak zirela eta, gehiengo berria osatu zen, Euskal Herria Bildu gobernutik kanpo geratuz.
Horrez gain, Euskal Herriko hainbat Udaletako alkatetza koalizio honen eskuetan daude. Euskal Herri mailan zinegotzi kopururik handiena duen indar politikoa da.
Kronologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2014ko irailaren 7an, EH Bildu barruan siglak gainditzeko apustua egin zuen Aralarrek. Patxi Zabaletak adierazi zuen beharrezkoa zela EH Bilduren egiturak "bateratzea", "subiranotasunaren aldeko ezkertiarren fronte irekia" eskaintzeko[2].
Abenduaren 29an jakin zenez, etorkizuna erabakitzeko prozesu eratzaileaz proposamen bat aurkeztuko zuen EH Bilduk 2015eko urtarrilaren 24. Helburua euskal estatua eraikitzea zen eta Irungo Ficoban (Gipuzkoa) aurkeztuko zuten. "Euskal Herriko indar askatzaile guztiei" egin zieten deialdia, "baimenik eskatu gabe" aritzeko[3].
Aralar alderdia 2017an desegin egin zen, bere militanteak Euskal Herria Bildu koalizioan arituko zirela iragarri zuelarik[4].
2019ko udazkenean zehar Eusko Alkartasunaren barruan krisi politiko bat izan zen, alderdiak koalizioan izan beharreko paperaren inguruan ikuspegi kontrajarriak zituen sektore bana sortu baitziren[5][6].
Jarduera politikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]EH Bildu alderdi-mugimendu baten egiturak hartzen dituen federazio politiko bat da, borroka politiko instituzionala kaleko ekimenekin, protestekin eta manifestazioekin uztartzen dituena. EH Bilduk kalearen presentzia ezinbestekotzat du aldaketa politiko sakonagoak egiteko eta bi bide horien (kalean zein instituzioetan borrokatzea eta lehiatzea) uztarketa eman behar dela defendatzen du.
EH Bilduk ordezkaritza instituzional handia du Hego Euskal Herrian, EAEn hegemonia kulturala lortzeko eta lehen indar politikoa izateko lehian dago EAJ alderdiarekin, Nafarroa Garaian, ordea, alderdi abertzale ordezkatuena da instituzioetan eta bigarren indar politikoa izateko lehian dabil. Hego Euskal Herriko udal gehienak gobernatzen ditu eta oro har udal ordezkaritza handiena duen alderdi politikoa da. Jarduera instituzionalarekin batera sindikatuek eta eragile sozialek deitutako mobilizazio, manifestazio eta greba orokorretan ere parte hartzen du maiz, eta horietara parte hartzeko deia ere luzatzen du.[7][8][9][10][11] Alderdi bezala urtero burujabetzaren eta antifaxismoaren aldeko manifestazio nazionala burutzen du,[12] aberri egunean ere alderdi bezala mobilizatu ohi da Iruñean, milaka herritar mobilizatuz.[13]
Oinarri ideologikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]EH Bilduk ezkerreko mugimendu politiko abertzale eta subiranistatzat du bere burua, koalizio klasikoak gainditzen dituen fronte zabal, mugimendu edo alderdien federazio bat bezala. EH Bilduk alderdien egitura du eraginkortasuna sustatzeko, eta koalizio bezala jaio bazen ere, gaur egungo barne egituran EH Bilduk alderdi-mugimendu bat bezala jarduten du, barne ordezkaritza kuotarik gabe, alegia EH Bilduko militanteak eta ordezkariak EH Bilduren egiturazkoak dira, eta ez EH BIldu osatzen duten alderdi politiko ezberdinetakoak.[14]
EH Bilduren helburu politikoa Euskal Herria justizia sozialean oinarritutako eta ezkerretik eraikitako burujabetza politiko osoa irudikatuko duen euskal estatua erdiestea da. Helburu hori ezkertiar, abertzale, independentista eta subiranisten artean hegemonia kulturala irabazteko gai izango den fronte politiko zabal baten eraikuntzaren beharrarekin lotzen du, beraz, Euskal Herria Bildu korronte ezkertiar eta subiranista edo independentista ezberdinak biltzen dituen fronte zabal bat da, komunistak, sozialistak, sozialdemokratak, ezkertiar abertzaleak, independentistak eta subiranistak barnebiltzen dituen fronte politiko zabal bat.[14]
Hauek dira EH Bilduk bere estatutuetan biltzen dituen oinarri ideologikoak:
Subiranismoa eta independentismoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]EH Bilduk Euskal Herria nazio bat dela defendatzen du eta horrekin batera euskal nazioaren autodeterminazio eta emantzipazio politikoaren eskubidea eta gauzatze praktiko eta efektiboa defendatzen du. Euskal Herriaren burujabetza politiko osoa defendatzen du, Euskal Herriak tresna politiko eta ekonomiko burujabe guztiak behar dituela iritzi du. Euskal lurralde historiko guztien lurraldetasuna defendatzen du eta subjektu politiko horrek status politikoa, autodeterminazioa eta independentzia askatasun osoz erabakitzeko eskubidea duela uste du. EH Bildurentzat euskal herritarra bertan bizi eta lan egiten duen oro da eta euskal herritar guztiei dagokie euskal nazioa eraikitzea, libre eta demokratikoki.[14]
Bakea eta gatazka politikorako konponbide demokratikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Berme guztiak izango dituen indarkeriarik gabeko egoera baten sendotzea eta gutxieneko demokratikoen berrezarpena izango dira EH Bildurentzat gatazka politikoa gainditzeko ezinbesteko oinarriak, Gernikako akordioan zein Bakerako Euskal Bidean jasotakoari jarraikiz. Alderdi-mugimendu honen aburuz, hau guztia bake-esparru bat eta konponbide demokratikoak lortzeko oinarriak ekarriko lituzkela ere uste du. Koalizio edo alderdi-mugimendu honentzat, euskal herritarren eskubide indibidual zein kolektiboen onarpenak, alegia, euskal nazioaren aitortzak eta honen erabakitzeko eskubidearen onarpenak, gatazka politikorako konponbide demokratikoen oinarriak ekarriko lituzke.[14]
Demokrazia zuzena eta herri boterea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]EH Bilduren aburuz erabaki estrategikoetan eta politika sozialetan herritarren parte-hartzea landu behar da halabeharrez eta proiektu politikoen onarpenak herritarren parte hartze aktiboa eta kalitatekoa behar duela defendatzen du, demokrazia zuzena eta erabakietan herriaren ahalduntzea edo herri boterea sustatuz. Euskal Herria Bilduk uste du herriarekin batera eta herriaren onarpen zein parte-hartze aktiboaz egiten diren proiektuak geldiezinagoak eta demokratikoagoak direla.[14]
Justizia ekosoziala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ekonomia herritarren zerbitzura jarriko duen eredu ekonomiko justuago, berdinzaleago eta demokratikoago bat defedendatzen du EH Bilduk, aldaketa sozioekonomiko estrukturalagoak abiatzeko aurrerapen gisa. EH Bildu herritar guztien ongizatearen alde eta desparekotasunaren zein jendarte-bazterketaren kontra lerratzen da eta herritarron ongizatea naturarekin orekan bizitzearekin lotzen du, justizia soziala eta ekologikoa uztartu asmoz.[14]
EH Bilduk egungo eredu sozioekonomikoaren eraldaketa estruktural baten beharra ikusten du, hori dela eta, gehiengoaren eskubideak babestuko dituen eta gehiengoen premiei erantzungo dien euskal esparru baten aldeko proposamena bultzatzen du; arlo sozioekonomikoan hauexek dira EH Bilduk planteatzen dituen proposamen estrategikoak, besteak beste:[14]
- Sektore estrategikoen kontrol publiko eta soziala sendotzea; horretarako, euskal finantza-sistema publiko bat eratzearen beharra ikusten du.
- Fiskalitate progresiboa eta zerga iruzurraren gaineko kontrola, zaintzan, osasunan eta hezkuntzan oinarritutako sistema bat.
- Lan harremanen eta jendarte babesaren euskal esparru propio bat, besteak beste, sistema publikoaren pentsioak bermatuko lituzkena EH Bilduren ustez.
- Elikadura burujabetzaren babesa.
- Lan eskubideen defentsa, enplegua/lana dikotomia gainditzearen aldeko apustua, lanaren banaketaren eta aberastasunaren banaketaren defentsa, prekarietatearen aurkako borroka, erretiro-adinaren aurrerapena eta lanbide arteko gutxieneko soldataren igoera (LGS) bultzatu.
- Ekonomia ekologizatzea. Deskarbonizazioaren eta justizia ekologikoaren aldeko apustua.
- Planetaren muga fisiko eta biologikoei egokitutako jardueren defentsa, Euskal Herria Bilduk uste baitu egungo euskal eta mundu mailako metabolismo sozial eta ekonomikoak planetarekin talda egiten duela.
- Ekonomia sozial eta solidarioaren babesa. Parte-hartze aktiboan, elkartasunean, ekitatean, inklusioan eta kultura-aniztasunean oinarrituta egongo den eta pertsona guztien eskubideen indarra bultzatzea helburu bakar izango duen eredu batera aurrera egin beharra ikusten du koalizio ezkertiar eta abertzaleak.
- Diru publikoaren kudeaketa gardena eta optimizatua. Erakundeen kontrola bermatzeko eta diru publikoaren xahuketa eragozteko, egungo erakunde publikoak sinplifikatze, bikoiztasuna saihestea eta gardentasuna bermatzea.
- Produkzio eredua. Euskal produkzio-sarean inbertitzea garapen jasangarriko parametroetatik abiatuta. Kalitateko enplegua eta aberastasuna sortzeko eta datozen belaunaldiei etorkizun duina bermatzeko, ondasun eta zerbitzuen produkzioan eta euskal produkzio-sarearen garapen eta eraldaketan inbertitzea eta Euskal Herriko lurraldeen arteko sinergiak bultzatzea proposatzen du.
Euskara
[aldatu | aldatu iturburu kodea]EH Bildurentzat euskara euskal herritarren hizkuntza nazionala da, eta beraz, haien identitatearen osagai nagusietako bat. Euskara Euskal Herriaren kulturaren funtsezko alderdi bat dela defendatzen du, baita ere kultura unibertsalari egiten dion ekarpen bat eta baita jendarte-kohesiorako zein jendarteratzeko tresna bat ere. EH Bilduk euskararen normalizazioaren alde lan egiten du eta bere helburu estrategikoa euskal herritar eleanitzez osatutako XXI. mendeko Euskal Herri euskalduna eraikitzea da, alegia, euskal herritar guztiak euskaraz ondo mintzatzeko gai izango den Euskal Herria irudikatzen du, euskaraz bizi nahi duten euskal herritarren eskubideak bermatuak izango diren eszenatoki linguistikoa lortuz. EH Bilduk euskararen ofizialtasuna defendatzen du Euskal Herriko lurralde guztietan, eta beraz, EH Bilduren aburuz, Hego Euskal Herri osoan euskara eta gaztelania eta Ipar Euskal Herri osoan euskara eta frantsesa ofizialak izango diren eszenatoki politiko-linguistikoa irudikatzen du, euskara euskal lurralde guztietako hizkuntza nazionala izanik eta euskal lurralde guztietako zubi-hizkuntza izanik.[14]
Feminismoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Patriarkatuaren aurkako borroka funtsezko elementua da EH Bildurentzat. EH Bilduk patriarkatua zapalkuntza-sistema guztietan zaharrena dela deritzo eta munduko biztanleriaren erdiak baino gehiagok pairatzen duela dio, emakumeen ahalduntzea eragozten duen zapalkuntza-sistema izanik. EH Bilduren ustez, euskal jendartean zein munduko jendartean sistema patriarkalak bizirik dirau, eta hau gainerako menderatze motekin (kapitalismoarekin besteak beste) lotzen eta sendotzen da. Hau guztia dela eta, EH Bilduk uste du emakumeek beren erabateko garapenerako beharrezkoak dituzten baldintzak bermatu ahal izateko halabeharrez patriarkatua gainditu beharra dagoela, benetan jendarte bidezko, zuzen eta demokratiko bat lortzeko bidean aurrera egiteko.[14]
Hezkuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal herritar guztiek dute kalitateko hezkuntza bat eta beren nahi eta gaitasunen araberako etengabeko prestakuntza bat jasotzeko eskubidea EH Bilduren iritziz. Horretarako hezkuntza eredu propio bat defendatu eta eraiki behar dela uste du. Eredu horrek, alde batetik, euskal curriculuma izango du ardatz, eta, bestetik, 0 urtetik 18ra bitarteko hezkuntza, lanbide-heziketa eta unibertsitate-sistema bilduko dituen eredu publiko, herrikoi, paritario eta parte-hartzean oinarritutako bat irudikatzen du. Hezkuntza sistema publikoa defendatzen du eta euskal hezkuntza publikoa herri-ikuspegi publikoan kokatzen du.[14]
Gazteria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]EH Bilduk gazteria aldaketa politiko eta sozialaren protagonista eta eragile izan behar dela defendatzen du, Euskal Herriaren oraina eta etorkizuna den heinean. EH Bilduk uste du gazteriari dagokiola berak pairatzen duen problematika eta zapaluntza motari irtenbidea eta gaindipena bilatzeko premia eta borrokatzeko gaitasuna eta horrekin lotuta, gazteriaren antolaketa eta eztabaida esparruak eraiki behar direla uste du, gazteriaren ahalduntzea bilatzeko asmoz.[14]
Internazionalismoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alderdien federazio ezkertiar eta subiranista honek onartzen du Euskal Herriaren etorkizuna mundu osoko herri-sektoreen etorkizunari lotuta dagoela, eta internazionalismoaren beharra eta garrantzia azpimarratzen du. EH Bilduk konpromisoa hartzen du ekintza puntualak edo testimonialak egin ordez nazioarteko elkartasun-politika eraginkorrak egiteko eta konpromisoa hartzen du bidezko mundu solidario bat eraikitzeko lanean dauden indar politiko, sozial eta sindikalekin elkarlanean aritzeko, baita Europa eta mundu mailan eragile hauekin aliantza eraginkorrak egituratzeko.[14]
Antiarrazakeria, antixenofobia eta antifaxismoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herritartasun unibertsala kontzeptu inklusiboaren defentsa aktiboa egiten du. Kontzeptu horren arabera, pertsonak eskubideen eta erantzukizunen subjektuak dira gizaki diren neurrian. EH Bilduren ustetan pertsonei ezin zaie ezein eskubide kendu beren jatorri, arraza, sexu, etnia edo nazionalitateagatik eta herritar guztiak dira erantzule pertsona guztiek dituzten eskubide guztien erabilera bermatzeko garaian.
EH Bildu intituzioetan eta kalean aktore aktiboa da faxismoa eta ultraeskuina hedatu ez dadin.[15][16][17][18][19]
AntiLGTBIfobia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]EH Bildu patriarkatuak elikatzen dituen arau heterosexualek eta sexu-generoa sistemak sortzen duten sexu disidenteekiko diskriminazio eta zapaluntzaren aurka dago. LGTBI pertsona eta kolektiboek pairatzen duten eskubide-urraketaren arrazoiei aurre egiteko eta askotariko jendarte aske bat eraikitzeko konpromisoa hartzen du.[14]
Kirola eta kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jendartearekin batera gogoeta-gune kritikoak sortu behar direla uste du EH Bilduk, euskal herri baten eraikuntzaren alde borrokatzeko espaiñolaz eta frantsesaz bestelakoa den eredu baten barruan. Kultura da kritika horretan sartzeko atea EH Bilduren aburuz, eta, kirola, berriz, eredu horren gauzatze partziala, baina nazioartean oso oihartzun handia duena. Bi esparru horiek, bai kultura eta baita kirola ere, autokritikarako espazioak izan behar dira kapitalismoak planteatzen dituen gehiegikeri eta zapalkuntzak gainditzeko.[14]
Laikotasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]EH Bilduk laikotasun-printzipioa defendatu eta bultzatzen du esparru guztietan. Pertsona bakoitzaren kultu eta kontzientzia askatasunaren errespetutik abiatuta, mota guztietako erlijio-intolerantziei aurre egiteko konprimisoa hartzen du, baita erlijio kredo jakin bat inposatzeko eta erlijioa eremu pribatutik eremu publikora eramateko ahalegin guztiei aurre egiteko konprimsoa.[14]
Memoria integral eta demokratikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]EH Bilduk esklusio eta inpunitate-irizpideetan oinarritutako memoria partzial eta alderdikoiak gainditzeko beharra aldarrikatzen du, horren aurrean memoria inklusibo eta demokratikoa defendatzen du, egia, justizia eta erreparazioa oinarri dituen zutabeetan finkatutakoa, iraganeko gatazkak errepikatuko ez direla bermatuko duena.[14]
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- EH Bilduren egoitza Zornotzan.
- Bilduren egoitza Bermeon
- EH Bilduren kartela independentziaren alde eta monarkia zein faxismoaren kontra
- EH Bilduko kideak saharar herriarekin elkartasunean
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Trebiñu eta Argantzun barne. Gainera Espainiako Barne Ministerioak gaizki esleitu zituen bi zinegotzi Andosillan. Horiek ere gehitu dira zerrendara.
- ↑ Herriek Erabaki koalizioaren barruan.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «2020ko Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak» Euskadi.eus 2020.
- ↑ «EH Bildu barruan siglak gainditzeko apustua egingo du Aralarrek», EiTB, 2014-09-07
- ↑ Hodei Iruretagoiena, «"Etorkizuna erabakitzeko prozesu eratzaileaz" proposamen bat aurkeztuko du EH Bilduk», Berria, 2014-12-30
- ↑ Ofizialki deseginda geratu da Aralar alderdia, 16 urteko ibilbidearen ondoren. (kontsulta data: 2020-1-23).
- ↑ «Pello Urizar: «El proyecto de EA está reflejado en EH Bildu y eso es lo importante»» Naiz (kontsulta data: 2020-1-23).
- ↑ «Eusko Alkartasuna se resiste a disolverse en la izquierda ‘abertzale’» El País (kontsulta data: 2020-1-23).
- ↑ «Albistea | EHBildu | Bat egiten dugu greba orokorraren deialdiarekin» ehbildu.eus (kontsulta data: 2026-07-25).
- ↑ «Albistea | EHBildu | EH Bilduk bat egiten du Mugimendu Feministak deitutako greba orokorrarekin» ehbildu.eus (kontsulta data: 2026-07-25).
- ↑ «Albistea | EHBildu | EH Bilduk bat egiten du Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren alde Zazpi Baietz, Gu ere Bai! eta Gure Esku mugimenduek deitutako mobilizazioekin» ehbildu.eus (kontsulta data: 2026-07-25).
- ↑ «Albistea | EHBildu | EH Bilduk dei egiten du Gure Eskuk antolatutako Pirinioetako Bidea egitasmoan parte hartzera» ehbildu.eus (kontsulta data: 2026-07-25).
- ↑ Bat egin dugu Euskalgintzaren Kontseilua|k Iruñean antolatutako #EuskaltzaleonMartxa jendetsuarekin. Euskarak bizi duen larrialdi egoerak eta oldarraldi antolatuak eskala handiko erreakzioa eskatzen du: Euskal Herriko eragile eta norbanako euskaltzale ororen indarra eta hauspoa. Nerea Kortajarena | EH Bildu. (kontsulta data: 2026-07-25).
- ↑ Euskal Herria Bildu. (2025-11-23). Konpromisoa, itxaropena eta nazio kontzientzia. Gora Euskal Herria antifaxista! #AskatasunHaizea. (kontsulta data: 2026-07-25).
- ↑ Euskal Herria Bildu. (2026-04-06). ABERRI EGUNA 2026 · Autoritarismoaren aurrean, EUSKAL ERREPUBLIKA! Zazpiak #bategin!. (kontsulta data: 2026-07-25).
- 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 EH Bildu federazioaren estatutuak (2025). .
- ↑ «Albistea | EHBildu | Nerea Kortajarena: «PP ez da ezertan bereizten Voxekin, bloke beraren parte dira. EAJren eta PSEren distantziakidetasunak kezkatzen gaitu»» ehbildu.eus (kontsulta data: 2026-07-26).
- ↑ Karrion, Iratxe Muxika. (2026-06-22). «PP eta Vox bereizteko «jokoan» ez ibiltzeko esan dio Otegik EAJri, «bloke bera» direlako» Berria (kontsulta data: 2026-07-26).
- ↑ «Albistea | EHBildu | Nerea Kortajarena: «PP, Vox eta UPN indar atzerakoiak mehatxua dira emakumeen eskubide, gorputz eta bizitzentzat»» ehbildu.eus (kontsulta data: 2026-07-26).
- ↑ Martin, Xabier. (2025-06-25). «EH Bilduk manifestazio «antifaxista» batera deitu du, Bilbon, azaroaren 22rako» Berria (kontsulta data: 2026-07-26).
- ↑ «EH Bilduk faxismoari aurre egin beharra aldarrikatu du Bilbon» Argia (kontsulta data: 2026-07-26).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
| Euskal Autonomia Erkidegoko alderdi politikoak | ||
|---|---|---|
|
Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoak: Ikus, gainera: | ||
| Nafarroako Foru Erkidegoko alderdi politikoak | ||
|---|---|---|
|
Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi politikoak: Ikus, gainera: | ||