close
Edukira joan

Göbekli Tepe

Göbekli Tepe
 UNESCOren gizateriaren ondarea
Aztarnategi arkeologikoa
Estatu burujabe Turkia
Turkiako probintziaŞanlıurfa probintzia
EskualdeaHego-ekialdeko Anatolia eskualdea
Koordenatuak37°13′23″N 38°55′21″E / 37.2231°N 38.9225°E / 37.2231; 38.9225
Altitudea760 m
Mapa
Azalera1.26 km²
Historia
Garaiak. a. X. milurtekoa
Uzteak. a. VIII. milurtekoa
Garaia(k)A-B
KulturaZeramika aurreko Neolito
ZuzendariakKlaus Schmidt

muze.gov.tr…

Göbekli Tepe (turkieraz ɡøbe̞kli te̞pɛ ahoskatua, euskaraz: «muino zilbor handia» esan nahi duena) Neolitoko arkeologia-aztarnategia da, Turkiako Hego-ekialdeko Anatolia eskualdean dagoena, Kurdistanen, Siriako mugatik hurbil. Mendigune zabal baten punturik garaienean dago, Şanlıurfa (antzinako Urfa/Edesa) hiritik 15 kilometro ipar-ekialdera.

Gaur egun turkiar eta alemaniar arkeologoak indusketak egiten ari diren leku horretan, k. a. 9600 urte inguruko (duela 11.500 urte) ehiztari-biltzaileek eraiki zuten, hain zuzen ere sedentarizazioa hasi aurretik. Misteriotsuki, k. a. 8.000. urtean harri, zutarri eta eskultura multzo hau nahita lurperatua izan zen, eta 500 urtez lagata egon zen. Nevali Çori aztarnategiarekin batera, funtsezkoa da eurasiar iraultza neolitikoa azaltzeko.

Maiz hurbil duen eta garai beretsukoa den Karahan Tepe aztarategiarekin lotu ohi da.

Göbekli Tepe aztarnategia Turkiako hego-ekialdean dago. 1964an jada estatubatuar prospekzio batek bertan zer edo zer bazegoela adierazia zuen, muino hura osoki naturala ez baitzen, baina azpian bizantziar hilerri bat zegoela uste zen. 1994tik aurrera Alemaniar Arkeologia Institutuak eta Şanlıurfako museoko turkiar zientzialariek indusketak egin dituzte, denak ere Klaus Schmidt alemaniar arkeologoaren zuzendaritzapean (1995–2000: Heidelbergeko Unibertsitateak; 2001tik aurrera, Alemaniar Arkeologia Institutuak). Schmidten arabera, lurrazalean zeuden harri puskek berehala leku hura historiaurrekoa zela ondorioztatzera bultzatu zuten. Antzina, muinoa belaunaldiz belaunaldi jorratua eta ereina izan zen, eta horretarako, harriak kendu eta soroak garbitzeko asmoz, harriak multzokatu zituzten; hortaz, baliteke arkeologia-aztarna ugari betiko deseginak izatea. Hochschule Karlsruhe erakundeko ikertzaileak arkeologia aztarnak dokumentatzen hasi eta lasterrera T itxurako zutarriak topatu zituzten, haietako asko itxuraz suntsitze saiakerak jasan zituztenak.[1]

Indusketaren ikuspegia hegoaldetik.

Hainbat eraikuntza zirkular aurkitu izan dira, garai diferenteetakoak. Horietako lau besterik ez dira atera argitara, eta beste 16 lur azpian daude. Zaharrenak k. a. 9600 urtekoak dira, Neolitokoak (Buztingintza aurreko Neolitokoa-A. PPNA) Inguruko eta oraindik induskatu gabeko eraikin are zaharragoak ere izan daitezkeela uste da.

Eraikin hauek harrizkoak dira, 10-30 metroko diametroko zirkunferentziak. Tarteka zutarriak dituzte, T itxurakoak, 6 metrorainokoak, eta 10-20 tonakoak. Ez dakigu teilaturik zuten ala ez. Animalien eskultura asko dituzte, behe-erliebean. Animalia horiek ez dira ehizan harrapatu eta jateko erabiltzen direnak, piztiak baizik: lehoiak, basurdeak, sugeak, saiak... Ez da aurkitu bertan gizakien hezurrik, ez eta hilobirik.

Susmoa dago zutarriok gizakia adierazi nahi dutela, batzuetan beso baten antzeko zerbait grabatua dutelako, baina ez dago argi.

Zirkuluetako bat

Egitura hauetatik 100 metrora gutxi gorabehera harrobiak daude. Handik ekarri zituzten zutarriak. Gogoan izan behar dugu garai hartan ez zegoela metalik, ez gurpilik. Beraz, kalkulatzen da 500 laguneko gizataldeak jaso zituela eraikin hauek.

Bi garai aztertu dira: lehenengoa k. a. 9600- 8800, bigarrena k. a. 8800-8000. Bigarrengoan gelatxo laukizuzenak aurkitu izan dira, eta zutarri txikiagoak.

Karbono-14 bidezko datazioaren bidez zenbait elementu kronologiko topatu dira:

Lab. numerazioa.K.a. dataK. a. kal.Ingurua
Ua-195618430 ± 807560–7370C esparrua
Ua-195628960 ± 858280–7970B esparrua
Hd-200259452 ± 739110–8620III. maila
Hd-200369559 ± 539130–8800III. maila

Hd aztarnek egur ikatzean dute jatorria, eta aztarnategiaren maila baxuenekoak dira, zaharrenak; horiek okupazio garai aktiboena adieraziko lukete. Ua aztarnak zutabeen gainean sortutako karbonatoen estalkienak dira eta horiek behin lekua utzi ondorengo datak adierazten dituzte, terminus ante quem deritzona.[2]

Göbekli Tepen aurkitutako totema hiru irudirekin.

Jakinik % 5 besterik ez dela induskatu, aipatuko direnak behin-behinekoak dira.

Orain arte ez da aurkitu hezitako animaliarik eta etxekotutako landarerik. Ehiztarien eta biltzaileen gizartea litzateke garai hartakoa. Bestalde, ez da aurkitu bertan bizi izan zirelako arrasto handirik. Horregatik uste da esanahi erlijiosozko eraikinak direla, tenpluak. Uste hori sendotzen du, halaber, bertan agertzen diren animalien erliebe eta eskulturak (sugea, eskorpioi, saia) jateko erabiltzen zirenak ez izateak.

Garai haietan ehiztari-biltzaile taldeak ez ziren handiak, ez eta leku jakin batean ematen urte osoa. Batetik bestera ibiltzen ziren jakien bila. Ez zuten idazketa ezagutzen, gurpila ere ez. Zeramika eta metalak ere ez. Horregatik ez zen uste halako jende taldeak horrelako eraikuntzak egiteko gai zirenik.

Lehenengo ezustea antzinatasunak eman zuen. Nola erauzi eta mugitu zituzten harri haiek? Gogoan izan 500 laguneko taldea beharrezkotzat jotzen dela 20 tonako zutarriak 100 m baino gehiago mugitzeko.

Bigarrenik, ezagutzen ziren aurreko kultura batzuk, natufiarrak [3] esate baterako, baina ez zuten tenplurik. Hauek lirateke ezagutzen diren tenplurik zaharrenak.

Beste kontu bat da lehenengo hazi etxekotuak ingurutik 30 kilometrotara azaldu izan direla. Beraz, garrantzi handiko lekua ematen du, garaiko bizimoduari buruzko uste asko hankaz gora jarri dituena, hau da, galdera gehiago plazaratu dituena erantzunak baino. Horrez gain, gogoratu beharra dago multzo osoaren zati txiki bat besterik ez dela induskatu oraindik.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]